XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), haurraren seinaleak oro desagertu zaizkik, desagertu dituk.

Eta burua jaitsi gabe, eskua sartu duk estalkien artetik filmeetan legez betazalak batzearren, eta ustekabean bere gorpuaren hotza sentitu duk behatzen puntan.

Goizaldiko lehen argi printzekin soldadu guztiak hor abiatu dira bakoitzaren fusila eta munizioak jasotzeko asmoz, bederatzitarako martxan hasi behar omen dute eta.

Denek komentatzen dute bezperako erasoa zein gogorra izan zen, uste baino gogorragoa, eta zein suerte txarra zortzigarren komandoarena, bizirik ateratako bakarraren animoak ikusi besterik ez zegoen, erabat lur jota zirudien mutikoak, fusila arrastaka zeraman kasik, eta norbaitek esan ere esan egin zion ea nahi zuen laguntzaren bat, bainan berak ezetz, berdin zuela, eta haiei bost axola noski.

Han zebilen bera, bakarti, begirada galduta, eta martxaren haseraren zain.

Azkenik martxan jarri da batailoi guztia, eta ibai gaineko zubitik pasatzerakoan denetatik bat urari begira geratu da uneren batetaz, geroago aurrerantz segituaz mekanikoki.

Herritik irten baino lehengo, oraindik zutik zirauen etxe bakarrenetako baten atzerantz desbideratu da soldadu bat formazioa atzean utziaz, zortzigarren komandoko superbibientea hain zuzen, eta inor ez da konturatu bere faltaz, tiro baten hotsa entzun den arte.

Soldadu batzu abiatu dira harengana, eta bere buru odolduaren ondoan fusila arkitu diote.

- Gaitzerdi tiro batekin aski izan duela esan du batek fusilaren kargadorea begiratuaz, munizioaz urri gabiltza....

Fusila bizkarrean ipini eta kargadorea poltsikoan sartu ondoren, hor abiatu dira berriro soldaduak, soldaduaren hilotza bertan utziaz.